Gaur egun indarrean dagoen 2010eko Plan Orokorraren ordez Donostiako Plan Orokor berriaren Aurrerapena aurkeztuko dela iragarri den egun berean, Hirigintza zinegotziak hedabideetan aurreratu du Altzako Auditz-Akular izeneko landa-lurzoruaren eremuan 3.000 etxebizitza berri eraikitzeko proiektuari buruzko eztabaida publikoa egingo dela.
Dokumentua ofizialki ezagutu aurretik eremu bakar eta jakin batean indarra jartzea harrigarria izateaz gain, harridura eragiten du “eztabaida publikoaz” hitz egiteak. Zer gertatzen da? Aurrerapenaren gainerako edukia ez da eztabaida publikoan jarriko? Edo, zer adierazi nahi da eztabaida publiko bidez? Beldur gara ez garela egongo herritarren parte-hartze ariketa serio baten aurrean, non parte-hartzaileak aldez aurretik prestatzen diren eta erabakiak hartzeko ondorio baliagarriak lortzen diren. Aldiz, justifikaezina justifikatu behar duen populismo ariketa merke baten aurrean gaudela beldur gara.
Beldur hori areagotu egiten da Osoigo plataforman galdeketa egingo dutela jakin denean. Azken finean, Arzallus andrea, gure irakurketa da beldurra diozutela gaiari, ez duzuela erantzukizunik hartu nahi eta populismo ariketa merke bat abiaraziko duzuela, zeinetan irabaz baitezake teklari gehien ematen dionak, ez duzuela hirigintza jasangarria zer den onartzen, ezta lurzoru berriak ez okupatzeko zuen printzipioak ere, eta Odon eta Letamendiaren duela 25 urteko hirigintza-politikaren hipotekarekin jarraitzen duzuela, eta, are okerrago, 1960ko hamarkadako desarrollismoaren garaiko zabalgune-planaren politikarekin, zeinak dorreak aurreikusten baitzituen altzatar lurralde osoan, Harria parkean barne.
Baina, hala eta guztiz ere, hor aurkituko gaituzue, ez diogulako uko egiten benetako eztabaidari zein plan jasangarri eta orekatu bat bultzatzeari, Altzarako ere.
2024-09-30 ALTZA XXI HERRI EKIMENA