PORROTX ALTZAN, AUDITZ-AKULAR EREMU NATURALAREN DEFENTSAN
Asteburu honetan, 2025 maiatzak 24 larunbata, Auditz-Akular parkearen eguna eta jaia ospatu dugu.
Eguna bikain joan da, eguraldi ederra eta giro ederragoa, alaitasunez betea.
Goizeko 10tatik aurrera elkartzen hasi ginen Eguzkitza berdegunean, Altza XXIek deituta Altza osoko bizilagunak eta elkarte ezberdinetakoak. Altzako auzo guztietatik bertaratu zen jendea eta ehundaka lagun elkartu ginen bertan. Auzolanean Eguzkitza parkea auzorako egokitzea helburua zen, piknik mahai batzuk jarriz, parkearen panela jarriz eta ingurua txukunduz. Eguzkitza parkea Auditz-Akular lurralde barruan dagoen parkea da, eta hau lagin txiki bat besterik ez da. Auditz-Akular milioi metro koadro dituelako, ia 100 hektarea.
Edatekoak, jatekoak, eta musikaz alaiturik PORROTX pailazoa bisita egin zigun giroa pilpilean jarriz eta haurren gozamenerako sketch zabal bat egin zuen, Porrotxen lagunez lagunduta, Auditz-Akular eremu naturala gordetzearen aldeko aldarrikapena eginez.
Modu horretan interbentzioetan gogoratu genuen orain dela 15 urte, hau da, 2010ean antzeko eguna ospatu zela eta Porrotx ere presente egon zela bertan. Garai hartan Auditz-Akular proiektu basatia gelditzea lortu zen, eta oraingoan gelditu behar dela ere esan zuten Altza XXI herri ekimeneko kideek. Modu honetan Auditz-Akular eremu naturala gordetzearen aldeko ekimena zabaldu da berriz ere Altzako bizilagunei BANDEROLA BERDEA beren balkoietan zintzilikatzeko eskatuz. Berdegunearen alde eta lurralde natural honetan 3000 etxebizitza eraikitzearen aurka eginez. Etxebizitzaren arazoari beste irtenbide eraginkorragoak daudela adierazi zen ere.
Marko Sierrak ingenieri agronomoak burutu duen ikerketa lana ere gogoratu zen eta Auditz-Akular baloreen ekosozialak azpimarratu ziren: Babesleku klimatikoa, paisaia-kalitate handia, kilometro “0”, balio agrologiko handia, elikagaiz hornitzeko euskarria, erregulazio hidrologikoa, aisialdirako espazioa, 25.000 biztanle baino gehiagoko komunitate batentzat, BIODIBERTSITATEA, espezie ugariko ekosistema, besteak beste.
Eta horren harira, berri on bat eman zen: Jaurlaritzak Plan Orokorrean Aurrerabide fasean eman behar izaten duen Ingurumen organoaren Irismen Dokumentuan, Auritz Akularren EZ ERAIKITZEA GOMENDATU duela. Nekazal lur estrategikoa izateagatik eta ibarretako balore ekologikoengatik. 800.000 m2ko eremu hori urbanizaziotik babestu behar dela gomendatzen du txostenak. Aurrera begira gai hau zabalduko dugu era sakonago batean.
Momentuz larunbata 24ko jaiaren zapore goxoarekin geratzen gara.
Auditz-Akular eremu naturala!










