AUDITZ-AKULARREN ERAIKITZEKO KONPROMISOA: Denis Itxasok eta alkate berriak esaten ez dutena.

Azken berrien arabera, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu dute Auditz-Akularreko proiektua bultzatzeko, hau da, Altzako landa-lurretan 3.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzeko, horietatik 2.400 alokairuan.

Gaia horrela laburtuta, ez dago zalantzarik oso gai mediatikoa dela. Etxebizitza asko eraikitzeko promesak, oraintxe bertan, ondo saltzen du, botoak sor ditzake, baina borroka horretan sen ona eta arrazoia galtzaile atera daitezke.

Lehenik eta behin, deigarria da inork ez aipatzea Eusko Jaurlaritzako ingurumen-organoak, Plan Orokorraren berrikuspenaren aurrerapenari buruzko txostenean, biziki gomendatu duela, hainbat arrazoi garrantzitsu direla medio, Auditz-Akularreko lurzoruetan ez eraikitzea. Gure ustez, 2010etik urbanizagarri gisa sailkatuta ez balego, debekatu egingo zukeen. Horrela, bi politikariek saihesten dute egoera naturalean dauden lurzoruen aurrean gaudela, ingurumen- eta ekosistema-balio garrantzitsuak dituztenak, nekazaritza- eta abeltzaintza-balio estrategikokoak, baliabide hidrikoak dituztenak, azken batean, babesleku klimatikoa eta biodibertsitate-erreserba aurrean. Eta horiek dira Autonomia Erkidegoan egongo litzatekeen urbanizazio prozesu handienarekin inbaditu nahi dituzten lurzoruak (Zorrotzaurre izan ezik 2025/11/09ko DV).

Gainera, ez dute esaten Itxasok eta Insaustik Auditz-Akularren etxebizitza eraikitzea, auren borondatea eta konpromisoa izanda ere, denboran oso urrun dagoela, indarrean dagoen plana, 2010ekoa, ekonomikoki eta teknikoki oso bideraezina delako, eta orain arte 15 urte geldirik daramalako. Mendia urbanizatzeko gastuetan dauden ehunka milioien ondorioz, lurzoruaren sustatzaileak ere ez dira ausartu.

Ez dute esaten, proiektua bideragarri egiteko plana aldatzen hasita, EAJ eta PSEren lege-proposamen berriaren bidez salbuespen-bidea erabili ahal izatea nahi dutela, azken hilabeteetan Etxebizitza sailburuak iragarri duena, baina oraindik onartu gabe izapidetze fasean dagoela. Eta potoloagoa dena, asmo hori 7 lege eta 2006an Eusko Legebiltzarrak onartutako hirigintza legearen 12 artikuluren aldaketa dela, eta legezkotasun arazo larriak dituena. Hirigintzako profesional ezagunek kalifikatzen ari diren bezala, hirigintzan  kontrarreforma bat da, inboluzio bat, salbuespen egoera bat.

Bi politikariek ez dute esaten lege horrek proiektu jakin batzuetarako salbuespenezko prozedura bat ezarri nahi duela, plana sustatzen duen organo berari ingurumenaren kontrola emanez, modu horretan 2011/92/EB Europako Zuzentaraua urratzen, honek bi organoen independentzia organikoa eta funtzionala eskatzen duelako, Europako Justizia Auzitegiaren 2025eko maiatzaren 8ko epaiak berriki gogorarazi duen bezala. Epaiak dio interes gatazkak saihesteko modu bakarra (gatazkan sar daitezkeen interesak nahasteagatik) agintari eskudunen objektibotasuna bermatzea dela, edo, bestela esanda, udalak ez duela bere planei txostena egin behar.

Ez dute esaten, azkenik, Donostiako etxebizitzaren egoera, % 95 salmenta libreko etxebizitza duena, euren alderdiek udalean izan duten politikaren ondorio denik. Ez dezagun ahaztu Itxaso kontseilaria zinegotzi izan zela 2003tik 2015era. Hain zuzen ere, 2022ko Plan Orokorraren Aurrerapenaren datuen arabera, azken 30 urteetan 28.000 etxebizitza baino gehiago eraiki dira Donostian, eta % 4 eskas babestua izan da. Zuzkidura-bizitokien % 17,30 baino ez da gauzatu, eta etxebizitza publikoak ez dira nabarmen handitu. 2025/11/09ko DVren arabera, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak 10 urte baino gehiago daramatza Donostian etxebizitza babesturik sustatu gabe. Bi administrazioek hamarkadetan egin ez dutena bat-batean egin nahi dute orain, leku desegokian eta proiektu jasanezin, desorekatu eta gizarte-zatiketa eragiten duen egitasmoarekin.

Ez dute aipatzen, ezta ere, alokairuko 2.400 etxebizitza eremu berean biltzea segregazio sozialeko praktika bat dela, hamarkada batzuk atzera eginarazten diguna, esperimentu soziologiko arriskutsu batez gain, eta hirigintza modernoa, legezko printzipio gisa, definitu behar duen kohesio sozialaren guztiz aurkakoa. Alokabideri, Eusko Jaurlaritzako organoari, Gasteizko Bremen kalean 300 etxebizitza biltzen izandako esperientzia kontsulta diezaiokete. Esperientzia horren ondorioz, jendaurrean adierazi du tamaina txikiagoko unitateetan jardun behar dela, kontzentrazio jasanezinak saihestuz.

Azken batean, ezin dugu isildu proiektu bat saltzeko ahalegin horren aurrean, izan ere, hiriaren ekialdeko azken landa lurren ia 100 hektarearen inbasioa delako (Donostialdeako PTParen San Marko-Lau Haizeta-Ametzagaina ingurune-unitatean zeuden, 2020an atera zituzten arte), ingurumen, ekosistema eta nekazaritza balio handiko lurzoruak sakrifikatzen dituelako, eta kohesio sozialarekin bateraezina den kontzentrazioa suposatzen duelako. Ingurumen arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako organoak proiektu horren aurkako txostena egin du aurten bertan, eta udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuak aspektu hori egunero isilarazten ari dira.

Galdetu daiteke nork gobernatzen duen herri hau, hauteskunde kanpainako estrategiak ala Ingurumen Saileko arrazoia eta sen ona. Baina benetako galdera da ea onartuko dugun lurraldea eta etorkizuneko belaunaldiak izatea galduko dutenak. Eta higiezinen sustatzaileek irabazten dutenek, Ucinek eta Guibertek bezelakoak (elite ekonomikoa, munduko aberatsenen zerrendengatik ezaguna den Forbes aldizkarian agertzen direnak), 100.000 m² baino gehiagoko jabeak 2010ean, Inmobiliaria Renteria S.L. enpresaren pean.

ALTZA XXI Herri Ekimena.

2025 azaroak 10

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude